Sarrera-txartelak zozketatzen ditugu “Gernika” filma ikusteko

Beroak itota bazaude, haizagailuak kale egiten badizu eta izerdiz lapastua bazaude, zoaz zinemara! Kukuxumusuk Koldo Serraren “Gernika” filma ikusteko bost txartel bikoitz zozketatzen ditu. Filma irailaren 9an estreinatu da Espainiako areto guztietan. Obrak Picassoren koadro famatuaren atzean dagoen benetako historia kontatzen du.
1937ko apirilaren 23an, Espainiako Gerra Zibila pil-pilean zegoela, Bizkaiko Gernika herria bonbardatu zuen armada alemanak, Bigarren Munduko gerraren saio makabro gisa. Atzeragoardiako herri baten aurkako aireko lehen eraso masiboa izan zen. Bonbek Gernika herria suntsitua utzi zuten eta bertako populazioa larrutua.
Momentu hartan, bakarrik lau kazetari ari ziren Iparreko Frontearen berri ematen, hiru britainiar eta belgikar bat. Haien artean, aktiboena George Steer izan zen. Gau osoan bizirik atera zirenei elkarrizketak egiten ibili zen eta albistea The Times egunkari londrestarraren azalean eman zuen argitara.
Steer-en kronika horrek eta Frantziako beste hedabide batzuek argitaratutako informazioek akuilatu zuten Picasso eta maiatzaren 1etik ekainaren 4ra bitarte bere horma-irudi handia pintatu zuen Parisen, “Gernika” izenekoa. Izan ere, koadroa gerra, basakeria eta faxismoaren aurkako ikur unibertsala bihurtu zen berehala. Ez baduzu ikusi, Madrilgo Reina Sofia Museotik pasa zaitezke. Izugarri gustatuko zaizu.
Filmaren oinarri kazetari ingeles hori (James D’Arcy-k interpretatua) eta emakume bat, Constancia de la Mora (Maria Valverdek biribiltzen du papera) dira. Azken horrek Madrilgo prentsa bulego errepublikarraren ardura zuen, Telefonica eraikinean, Gran Vian.
Bi protagonista, bistan da, maitemintzen dira baina trama dramatiko erromantikoaz haratago “Gernika” informazioaren erabileraz mintzo da eta nolatan haren kontrola hil ala bizikoa izaten den gerra bat irabazten saiatzeko. Orobat, gizakiaren izaeraz, haren deabruen kontra borrokan ari den kazetari batek eta bere aspaldiko niarekin harremanetan paratzen duen prentsa zentsuratzaile batek irudikatua.
Ingelesez, gaztelaniaz, euskaraz eta alemanaz errodaturik dago (jatorrizko bertsioa ikus dezazula gomendatzen dizugu). Euskadin girotua, berde aunitz, urdin aunitz, itsaso aunitz eta lohi aunitz dituela, bertan toki ezagunak agertzen dira, Gaztelugatxeko San Juaneko txoko famatua, adibidez, planetako tokietarik gomendagarrienetakoa, kar, kar, edo Bilbokoei galdetu bestela.
Finean, emozio bi ordu inguru igarotzeko aukera ederra, lehen mailako aktore eta aktoresekin, efektu berezi izugarriekin, Euskadi berde eta marinaren agertokiekin; aukera ona ere aunitzendako oraindik lauso suertatzen den historiaren kapitulu hori hobeki ezagutzeko.
Facebboken filma sustatzeko egin duten orrian zehaztasun eta albiste guztiak, fotogramak, making-off, aktoreekin egindako elkarrizketak eta irrika bizia sortuko dizuten askoz gauza gehiago ikus ditzakezu.