Félix, otsoa izatea amesten zuen gizona

Félix Rodriguez de la Fuenteri otsoa izan eta ilargiari ulu egitea gustatu zitzaiokeen. Eta Kukuxumusun marraztuz bete dugu haren ametsa. Haren hiru alabetarik txikienarekin mintzatu gara: Odile aitaren izena duen fundazioaren arduraduna da eta Espainiako lehen baso-eskola eratu du.
Urte bakoitzeko martxoaren 14a beti gogoratzen dugu Félix Rodríguez de la Fuente, otsoen eta piztia ororen laguna, abioneta istripu batean Alaskan hil zeneko eguna dela. 1980ko egun horretan berean, 52 urte betetzean, bere dokumental ospetsuetako bat filmatzen ari zen; harekin batera bi kameralari eta pilotua hil ziren.
Félix inuit herrixka batean zendu zen egunean, alaba Odilek zazpi urte besterik ez zuen. Hala ere, sentsazio anitz eta sendoak geratzen zaizkio oroimenean.

Argazkia: RTVE
“Bere bidaia exotikoetatik maleta bete gauza bitxi iristen ohi zen, balea hezur batean eginiko figura inuit bat esaterako, anitz hunkitu ninduena… eta, gero, berak ezaguturiko eta naturaren erdian bizi ziren jendeen hamaika istorio kontatzen zigun”, azaldu digu fundazioak Madrilen duen egoitzatik.
Félix benetan gogoko genuenez, Kukuxumusun marrazki bat egin genion, bere garaiari aurreraturiko naturalista horren obra jendarteratzen jarraitzeko 2005ean eraturiko fundazioarekin elkarlanean. Gure online dendan eskura daitekeen kamiseta batean inprimatu genuen.
Esaldi horren historia zein izan zen azaldu digu Odilek: “Gure aitari egin zioten elkarrizketa batean, zertan berraragitzea gustatuko litzaiokeen galdetu zioten. Aukera hori balitz otso baten azalean birjaiotzea gustatuko litzaiokeela erantzun zuen hark”.
Odilek aitaren urratsei jarraitzen die neurri batean Félix Rodríguez de la Fuente fundazioa zuzentzen. Handik, gainezka egiten duen gogo handiaz sustatzen du berak txiki-txikitatik edoski duen naturarekiko maitasuna.
“Aitak basaren, magikoaren, askatasunaren… zentzua eman zigun. Hura bera izan zen haurtzaro libre eta basati baten emaitza, esaten zuen bezala. Ez zuten bederatzi urtera arte eskolatu, beren gurasoek bestelako heziketa eman nahi izan ziotelako. Poza de la Salen, Burgosen, hazi zen, hori artzain lurra da, ahozko tradizio handikoa, kondairaz betea”, kontatu digu Odilek nostalgia tonuan.
Bi haurtzaroek, bereak eta aitarenak, inspiraturik beharbada, Odilek oso proiektu handi eta berritzailea abiatu du fundazioan, baso-eskolak.
2005eko irailaz geroztik, 3 eta 5 urte bitarteko hogei neskato-mutiko joaten da egunero ikasmahairik ez duen eskola batera, Cercedan (Madril). Han bizitzari buruzko funtsezko kontuak ikasten dituzte, autoestimua garatzen dute, gaitasun psikomotorrak beretzen dituzte… eta hori zuhaitzetara igoz, ibaiak zeharkatuz, txorien habiak bilatuz… egiten dute. Dena otsoa izan nahi zuen Félixen ‘erruz’.