IPhonerako aplikazio bat entzierrorako prest jartzeko

Iruñeko Udalak eta Kukuxumusu enpresak “Bullrunning Trainer” sortu dute, erabiltzaileak zezenekin bere indarra eta abiadura entzierroan berean ariko balitz bezala alderatu ahal izateko iPhonerako aplikazioa. Horrez gain, lasterketan baldintza zehatz batzuetan izaten den arrisku indizea kalkulatu, 1980az geroztiko informazioa ematen duen datu basea kontsultatu eta lasterka segurtasunez egiteko aholkuak eta gomendioak jasotzeko aukera ematen du.
Aplikaziorako sarbidea doakoa da eta jada karga daiteke behera App Store-ren bitartez, Apple-k bere gailu mugikorretarako aplikazioak banatzeko duen plataformaren bidez alegia. Edozein iPhone, iPod Touch edo iPad gailutan instala daiteke eta haren edukia gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez dago eskuragarri.
Bullrunning Trainer mota guztietako jendearentzako aplikazioa da, dibulgazio, informazio eta entretenimenduzkoa. Egileek, alde batetik, Iruñeko entzierroan interesa duten guztiak haren arrisku eta berezitasunez kontzientziatu eta informatu nahi dituzte eta, bestetik, lasterketa eta festak sanferminak oraindik ezagutzen ez duten edo hiria bisitatzeko aukerarik ez duten lagun guztiei josteta eta dibertsio eran hurbildu nahi dizkiete.
Entzierrorako entrenatzailea
Aplikazioaren alderdirik berriena entzierroaren simulagailua da: haren bitartez, munduko edozein tokitatik, lasterka zezen aurretik egiteko ahalmena neurtu eta, bidenabar, lasterketan parte hartzeko sasoian egoten den egiazta daiteke.
Erabiltzailea toki lau eta zabal batean jarri behar da eta probatu nahi duen lasterketa aukeratu behar du aplikazioaren menuan. Lasterketa hasita, sistema, GPS seinale bat erabiliz, lasterkariaren eta zezenen arteko distantzia simulatuz joaten da, une orotan pantailaz eta telefonoaren beraren soinu eta bibrazio seinaleez jarrai daitekeena.
Aplikazioak bost lasterketa eredu aukeratzeko bide ematen du (Santo Domingo, Mercaderes-Udaletxea, Estafeta 1, Estafeta 2 eta Telefónica-Kailejoia), zein bere luzera aurretik zehaztuta. Gainera, hiru zailtasun mailaren artean aukera daiteke, lasterketa hasteko zezenen gainean izaten den abantailaren arabera: 60, 40 edo 20 metro.
Simulagailuak erabiltzailearen abiadura eta zezenek izanen zutena neurtzen ditu eta lasterkariak eta zezen taldeak ibiliriko distantziak benetako denboran alderatzen ditu lasterketa nola doan eta biren arteko distantzia metroak zenbat diren ebaluatzeko. Aukeratzeko diren bost lasterketako bakoitzean zezenek izaten duten batez besteko abiaduran oinarriturik programatu da sistema kasu guztietan.
Lasterketa hiru modutan buka daiteke: zezenek harrapatuta, “babespean jarri” botoia sakatuta -baztertzea litzatekeena- eta aukeraturiko lasterketaren luzera osoa eginda. Emaitza zein den, sistemak horren arabera ematen ditu puntuak eta gero erabiltzaileak lagunekin eta jarraitzaileekin konparti ditzake Twitter edo Facebook sare sozialen bitartez.
Lasterketa bukatu ondoren, lorturiko puntuazioaz gain, erabiltzaileak benetako entzierrorako duen prestakuntza maila ebalua dezake egin duen entzierroa simulatuaren errepikapena ikusiz.
Gida, testa eta datu basea
Simulagailuaz gain, aplikazioak intereseko beste hiru atal jartzen ditu eskura. Alde batetik, oinarrizko informazioa, lasterka egiteko aholkuak eta entzierroari buruzko datu bitxiak ematen dituen gida osatua.
Beste batetik, test batek lasterkariari entzierroan ezbeharra izateko arrisku indizea kalkulatzeko aukera ematen dio, lasterketan elkartzen diren norberaren faktoreak eta faktore orokorrak erreferentziatzat harturik. Simulagailua bezala, eduki hori ere konparti daiteke sare sozialen bidez. Test hori Kukuxumusuren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Estatistika Departamentuko irakasle batzuen arteko elkarlanaren ondorioa da.
Azkenik, datu base batek 1980az geroztik eginiko entzierro guztien datuak biltzen ditu. Datu base horrek data, aste eguna, zauritu kopurua, ganadutegia eta beste zenbait aldagai iragaziz bilaketak egitea ahalbidetzen du eta benetako denboran eguneratuko da sanferminetan aurtengo entzierroek sorturiko informazioa berehala emateko.
Aplikazioa, Kukuxumusuren jatorrizko ideia baten emaitza, markak berak eta Iruñeko Udalak garatu dute. Diseinua ere kamiseta enpresa ezagunak egin du eta programazioa, berriz, Nafarroako Lorem Solutions enpresaren ardura izan da.