Kukuxumusu Ekuador gisa joanen da Mexikora Zubiak Ahotsak bake proiektuarekin

Kukuxumusu Zubiak Ahotsak ekimenean ontziratzera doa. Hori du orain dela zenbait hilabetetik proiektu-ontzi Iñigo Mejutok, gazte euskotar Zientzia Politikoetan lizentziadunak eta Ekuadorko Unibertsitate Metropolitarrean (UMET) Zuzenbide irakasleak. Kukuxumusun asmo handiko ekimen horren irudia diseinatu dugu, Ekuador eta Mexiko arteko zortzi herrialdetako hainbat unibertsitatetan barna ibil dadin.
Zubiak Ahotsak proiektuak bakearen, integrazioaren eta gatazka konponketaren kultura sustatu nahi du Latinoamerikako hainbat unibertsitate eta erakunde elkartuz: UMET, antolatzaile gisa, Caucako Unibertsitatea (Kolonbia), Nazio Batuen mendeko University of Peace (Costa Rica), IEPALA Unibertsitate Institutua (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoa) eta Mexikoko Unibertsitate Autonomoa, besteak beste.
Abiatuko dira Quitotik proiektuaren lau ‘enbaxadore’: Íñigo Mejuto, zuzendaria, Juan Manuel Tobar, ikertzaile nagusia, Aitor Montero, baliabideen arduraduna eta Andrés Martín, dokumentalista.
Bada, lau diplomatiko zapatiladun horiekin ontziratu eta lur zoragarri horietan zer egosten den kontatuz joanen gara. Haien eskutik zortzi herrialde… eta ezin konta ahala ahots ezagutuko ditugu.
Haien lehenengo geldialdia Kolonbiako Popayán hiria izanen da, Caucan, Amerikako hiririk zaharrenetako eta hobekien kontserbaturiko bat. Bogotá Kolonbiako hiriburutik 600 kilometrora egonik, Popayánen unibertsitate batzuk daude eta Gastronomiako Hiria izendatu zuen UNESCOk.
Iñigo Mejuto, bere proiektua azaltzeko Kukuxumusuko kanpaleku nagusian bisitatu gintuenean, multi-track diplomaziak -ez enbaxadetan baizik eta testuinguru ez horren formaletan, non protagonista gizarte zibila izaten baita, egiten den horrek- azken urteotan hartu duen garrantziaz mintzatu zitzaigun.
Zubiak Ahotsak ekimenaren kasuan, ekintza horiek hitzaldiak eta “konbertsatorioak” (mahai inguruak) izanen dira, proiektuarekin bat egin duten unibertsitateek antolatuko dituztenak. Kultura arteko elkarrizketaren bitartez, zubiak eraikiko dira Latinoamerika osatzen duten ahots ezberdinen artean. Jatorrizko izendapenean, Latinoamerika Abya Yala ere deitua da kuna hizkuntzan, “bete-betean helduaroan den lurra” esateko modua baita.

Iñigo Mejuto (bigarrena, ezkerraldetik) Kukuxumusuk Zubiak Ahotsak-erako eginiko logoaren aurkezpenean, Ekuadorren, Quitoko Guayasamín Museoan.
Aste honetan eta bidaia hasteko bezperetan, proiektuaren ikurra aurkeztu dute. Toki aparta batean izan zen, Quitoko Guayasamín Museoan: Latinoamerikako artistarik nazioartekoenetako bat izan zen haren sortzailea, Oswaldo Guayasamín, bakearen eta kultur integrazioaren sustapenean oso inplikatua bestalde.
Pichincha sumendia atzean zuela, Pablo Guayasamíni, hildako margolari entzutetsuaren semeari, eta UMETeko ikasle talde bati azaldu zien Iñigo Mejutok Kukuxumusun marraztu dugun txoriaren esanahia.