Ekintzaz Lagundu eta Kukuxumusuko Buff solidario bat Nepalgo

Kukuxumusu eta Ekintzaz Lagundu GKE elkartu dira Buff® solidario bat diseinatzeko neskatila nepaldarrak eskolara joatean babesten laguntzea xede. Amazon Españan dago salgai. Azken helburua Nepalgo neskatxek pairatzen duten bortxaketa, abusu edo bahiketa mehatxua ikusgai egitea da.
Bahitu, bortxatu, saldu edo etxeko esklabo bihurtu egiten dituzte. Hori da Nepalgo hamaika neskatila eta neska gazteren egoera tragikoa. Eskolarako bidean izaten da maiz, eta hori mendirik garai eta arriskutsuena da haiendako. Eta larriagotu egin da 2015eko apirilaren 25eko lurrikarak utzi zuen kaosaren ondoren.
Ekintzaz Lagunduk, zeinekin lanean Kukuxumusu orain dela urtebete luze hasi baitzen, Nepalgo kolektiborik ahulenetako bati, neskatilei, ahotsa jarri nahi izan dio. Haietako anitzek uko egiten diote beren herrixka urrunetatik eskolara joateari, bidean bortxatuak edo bahituak izateko beldur direlako.
Beren egunerokoa hobetzeko, neskato horiek bizikleta bat eta babes pixka bat behar dituzte. Horixe proposatzen du Maiti Nepal GKEak, Ekintzaz Lagundu GKEaren tokiko bazkideak, zeinek neskato eta emakumeen trafikoa geldiarazten ia 20 urte baitarama.
Marrazkiak haurtzaroko eszena bat agertzen du, guk Himalaiaren magalean gerta litekeela irudikatuta. Horretan Wedu dago, Ekintzaz Lagunduk txikienei bideratzen dizkien kanpainetako pertsonaia.
Gainera, ekimen horrek TVEko aurkezle Anne Igartibururen eta goren mailako sei emakume kirolariren laguntza du. Haietako batzuek duela zenbait urtetatik mendiari eta Nepali loturik jarraitzen dute eta haien espedizioetan Kukuxumusuko marrazkiez lagundu ere egin ditugu.
Kirolarien taldean bi txapeldun gazteok daude: María Pujol, mountain bike-n (MTB) curriculum zorabiagarri batekin, eta Clàudia Galicia, aurten mendiko eskian ia guztia irabazita, Pierra Menta mitikoa barne.
Haien ondoan, lehen mailako lau mendizale, Araceli Segarra, Everestera 1995ean igo zen lehen emakume espainiarra; María Climent, SOS Himalaia Fundazioa zuzentzen duena; Lina Quesada, zortzi milakoetan eskarmentu handikoa; eta, luxuzko soka-talde horren buruan, Edurne Pasaban, 14 zortzi milakoen tontorrera iritsi den lehen emakumea.
Aurten, euskal alpinista Nepalen izanen da lurrikararen lehen urteurrenean, apirilaren 25ean. Mendi tontorrak eskalatzeaz gain, Kailash Hostel bisitatuko du, Montañeros por el Himalaya GKEarekin ehun neskato-mutiko babesgaberentzat sortu zuen harrera etxea.
Baina orain Edurne Pasabanen agenda nepaldarrean Maiti Nepalerako bisita bat egonen da. Ekintzaz Lagunduk herrialde horretan lankide duen GKEa da hori. Euskal eskalatzaileak lehen eskutik ezagutu nahi izan du Nepalgo mugetan neskatila eta emakumeen salmenta eta trafikoaren aurkako borrokan egiten duten lana.
Maiti Nepalen atzean haren fundatzailea dago, Anuradha Koirala, emakume txikia eta itxura ahulekoa, igotzen Himalaia baino zailagoak diren mendiak mugitzeko gai, ehunka neskato eta emakume prostituzio sareen eta mafien biktimak izan ez daitezen.
Demi Moore aktore ezagunak, zein pertsona trafikoaren aurkako ekintzaile handia baita, Katmanduraino bidaiatu zuen NBCko telebista ekipo batekin Anuradha Koiralarekin topatzeko eta haren historia kontatzeko.
Maiti Nepalen egoitzan filmatu zuten dokumentalak mundu osoko makina bat lagun eta erakunde hunkitu ditu. Hemen ikus dezakezu.