Indiako emakumearen egoera salatzeko kamiseta
Jon Sistiaga kazetaria eta Kukuxumusu berriro ere gaurkotasunaren kronikagile bihurtu dira, oraingo honetan Indian emakumeek pairatzen duten egoeraren salaketa eginda. Horretarako “No Country For Women” kamiseta aurkeztu dute. Karrikaratzeak bat egin du euskal erreportariak Canal+ Espainiarako egin duen erreportajearen estreinaldiarekin. Kamisetaren salmentarekin sorturiko mozkinak Mugarik gabeko Medikuak erakundearentzat izanen dira.
“No Country For Woman” (Ez da emakumeentzako lurralde) ReporT-Shirt proiektuaren zortzigarren kamisetaren lema da. Proiektua Kukuxumusuren eta Jon Sistiagaren ekimena da eta, marrazkien bidez, kazetariak Canal+en egiten dituen erreportajeetarako munduan barna atzeman dituen gatazka edo justiziarik gabeko egoerak erakutsi gogo ditu.
Indiako emakumeen aurkako bortizkeriaren gaia da kamiseta berri honen protagonista. Diseinuan adin desberdinetako emakume indiar talde bat ageri da, sexu femeninoaren ikurraren pisua zama dutela bere gainean, egunero emakumeek gainditu behar izaten dituzten tratu txar eta zailtasunen metafora gisa.
Gaur egun Indiak munduko ekonomiarik dinamikoenetakoa du, G-20 klubeko partaidea da eta lurralde demokratikotzat hartzen dute. Alabaina, bistan da ez dela emakumeentzako ongizate toki. 20 minututik behin bortxaketa bat egiten da eta ordutik ordura senar batek bere emaztea erailtzen du familiak ez duelako dotea, hots, ezkon-zerga, ordaindu.
Sistiagaren beraren hitzetan, “Indian emakumea salgaitzat hartzen dute, saldu eta erosten den altzari gisa; bere familiari itzultzen zaiona akatsen bat izanez gero; senarra harekin ase sentitzen ez bada, aurpegira azidoa botata lardaskatu edo itsusten dena; sexu-esklabo gisa erabiltzen dena; beharrezkoa izanez gero bortxatzen dena; alargun geldituz gero, kalera bota eta eskean ibiltzera behartzen dena”.
Beste alde batetik, azken 30 urteotan 12 milioitik gora neskatiko ez dira jaio, abortatuak izan dira bere gurasoek fetuaren sexua ezagutu zutelako. Ez zituzten sartu nahi izan jendarte batean non gizonen erdiek emakumeren bat eraso edo bortxatu egin dutela aitortzen duten. “Indiako Gobernuak zigor kodea gogortu du azken boladan autobusetan edo kalean bertan emakumeen aurka egin diren talde bortxaketak gertatu ondoren. Baina zigor kode horrek berak emakumearen bortxaketa ezkontza barruan gertatzen bada zilegitzat jotzen du”. Sistiagak dioen bezala: “pentsamolde aunitz da oraindik aldatu beharrekoa”.
Egoera zail horri ekiten dio Jon Sistiagak “No es país para mujeres” (Ez da emakumeentzako lurralde) erreportajean. Lehen emanaldia, otsailaren 19an, Canal+en. Egun berean, kamiseta salgai egonen da, 18,50 euroan, mutil zein neskarentzat, Kukuxumusuren online dendan.