Botila bat ardo solidario desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko

Ardoa maite dugu. Festazaleak gara. Eta izugarri gustatzen zaigu ardoa maite duten festazaleei laguntzea. Zaragozako Down Fundazioak eta Grandes Vinos upategiko lagunek –horiek ere ardoa biziki maite duten festazale amorratuak– ardo gozo baten edizio berezia plazaratu dute dirua lortu eta desgaitasuna duten pertsonen garapenaren alde lan egiten duen fundazio horri laguntzeko. Eta geuk diseinatu dugu botilako etiketa.
Kanpainaren bidez kolektibo hori ikusarazi nahi da, erakutsiz gure ondoan daudela eta guk ditugun eskubide eta aukera berberak dituztela, guk egiten ditugun jarduera berberak egiten dituztela, eta gu hezten, lanean aritzen edo dibertitzen garen leku berberetan aritzen direla haiek ere, eta, hain zuzen ere, horixe islatu nahi izan dugu botila apaintzen duen marrazki honetan. Baina oraindik egiteko dago lan asko eta asko, adibidez honako arlo hauetan: etxebizitza independentearen eskubidea, gizarteratzea, bizitza publikoan parte hartzea, lege-aitorpena, eta abar.
Ardo solidario horren aurreko bost kanpainetan, Zaragozako Down Fundazioak 116.702 euroko etekinak lortu zituen, elkartearen zenbait proiektutara bideratu zirenak. Oraingo honetan, eta Grandes Vinos upategiak botilaratutako ardoari esker, desgaitasuna duten pertsonentzako etxebizitza-programari laguntzen jarraitzea da helburua, bizimodu autonomo eta independentea izateko aukera lor dezaten.
Ardoa Grandes Vinos y Viñedos webgunean eskura daiteke, eta, esaten digutenaren arabera, errubi-gorria da, gerezi, masusta-gorri eta piperrautsen usain intentsuak ditu koko eta bainilazko ukituekin, eta ahoan orekatua da, azidotasun egokia eta tanino suabeak antzematen direla. Jainkoen edaria, alegia. Ahora, orain.