Berdintasunerako eskumuturreko bat… koloretako burmuinekin!

Mondragon Unibertsitateko zazpi ikasleko talde batek jendea genero berdintasunaz, edo ezberdintasunaz, naturaltasunez mintzatzea hartu du helburutzat. Aldaketa txiki bat sustatu nahi dute gizartean. Eta, ikusgai egiteko, Kukuxumusuko marrazkiak dituen eskumuturreko bat karrikaratu dute.
Zergatik eskumuturreko bat?, galdetu diegu. “Beti zurekin eramaten duzulako eta, eguneko une anitzetan, berdintasunaren alde borrokatzen ari zarela gogorarazten dizulako”, erantzun digu Uxue Irigoien taldekideak.
Izan ere, Kukuxumusun beste eskumuturreko batzuk diseinatu ditugu elkartasuna xede, hala nola bihotz geldialdi kasuan bat-bateko heriotza saihesteko desfibriladoreen erosketa finantzatzea eta haur minbizidunentzako dirua biltzea; eta festaz festa ibiltzeko ere egin ditugu, jakina.
Oraingo honetan, egin dugun marrazkiak berdintasuna irudikatzen du burmuin berdin anitzez, zein bere kolorez dagoela. Horien bidez, gizonak eta emakumeak adimenean berdinak garela, esentzia berberaz osaturik gaudela, eta horrek batzen gaituela adierazi nahi izan dute.
Mugimendu hori Aldazank deitzen da (horrela maskulinoa eta femeninoa elkartu dituzte) eta joan den martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunarekin batera, aurkeztu zuten jendaurrean. Eta futbol elkarte baten, Real Sociedaden, Fundazioaren egoitzan egin zuten.
“Zuen proiektuak honelako beste ekimenetan ikusi ez dugun xarma dauka”, esan zieten Realaren Fundazioan. Politikatik at egoteko ideiarekin sortu ziren, hain zuzen ere; haien helburu nagusia mintzatu, entzun eta gizartearen proposamenak jasotzea da.
Non aurkitu dute inspirazioa? Anantapur-en (India) Vicente Ferrer Fundaziora eginiko bisita batean izan zela azaldu digu Uxue Irigoienek. Astebetean, Moncho Ferrerren eskutik, Fundazioa han gauzatzen ari den aldaketa ezagutu zuten.
“Han aurkitu genuen gure proiektuaren zentzua. Oso deigarri suertatu zitzaizkigun eman ziguten tratu hurbiltasuna eta Vicente Ferrer Fundazioa blaitzen duten balioak. Gure ekintzei erantsi dizkiegu, erantsi ere”, azaldu du suharki.
Vicente Ferrer Fundazioa Indian zirela ezagutu zuten, Mondragon Unibertsitatean LEINN graduko hirugarren maila egiten ari zirela. “Karrera praktikoa da -ziurtatu du Uxue Irigoienek-, gizarte ekintzailetza sustatzen du eta ikasteko era zaharrak baztertzen ditu”.
Karrera horretan ikastea norberaren ekimenaren eta talde lanaren mende dago. Aldazanken onartu baino onartuago dute. Zazpiak jo eta ke ari dira lanean beren proiektuak handitu eta onura ekar dezan.
Naturaltasuna, enpatia, entzutea, hurbiltasuna, lanarekiko harrotasuna eta gizartearen protagonismoa. Horiek dira Indiako proiektutik hartu dituzten osagai nagusiak eta orain ekitaldi, eztabaida, azterketa, aurkezpen, topaketa… gisa gauzatzen ari dira.
Ekimena oso erantzun ona izaten ari da esparru anitzetan, baita erakunde garrantzitsu batzuen babesa ere, Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien elkarte ASPEGIrena eta Gipuzkoako Diputazioarena -zeinek garatzen hasteko beharrezko hazi kapitala eman baitu- esaterako.
Jada salgai dago eskumuturrekoa, bi euroko prezioan, Gipuzkoa osoko Eroski supermerkatu eta hipermerkatuetan. Baina, hori urrun baduzu, Aldazanken web orrialdearen bitartez eska dezakezu posta elektroniko bat igorriz.