“Sekula ez nuke Nike edo Adidas marketako kamiseta bat erosiko Kukuxumusu hor egonda”

Niels Kristensen Brørupen sortu zen, Danimarkan, baina Friburgon bizi da, Suitzan. Maiz erosten ditu Kukuxumusuko kirol-jertse eta kamisetak, marka hori, dioenez, beste batzuk, adibidez Adidas edo Nike, “baino apartagoa, dibertigarriagoa eta kalitatea hobeagokoa” iruditzen zaiolako. Nielsi gustatu egiten zaio Kukuxumusuren umorea, bizitza modu positiboan ikusten baitu. Atsegin du lasterka aritzea, eta arreba miresten du, Lisbeth Kristensen, triatloiko munduko txapelduna izandakoa. Eta, gainera, gure bezero number 1 da, ia berrogeita hamar eskaera egin baitu gure onlineko dendan. Hauxe da Niels.
Zein izan zen eskuratu zenuen lehen Kukuxumusuko gauza?
Euskal kirol batzuk erakusten zituen kamiseta bat. 2001eko ekainaren 6an oparitu zidaten Deustuko Unibertsitateko nire lagunek, Erasmus-urte batean. Nire urtebetetzean egindako oparia izan zen. Oraindik ere erabiltzen dut.
Erasmus-ikasle gisa Bilbon emandako egonaldi horrek, zer eman dizu?
Euskarazko hitz bat edo beste, adibidez “agur” eta “aupa”. Gainera, denbora zoragarria izan zen: euskal kostaldeko hondartza eder horiek, festak, Guggenheim museoa, jende xaloa eta mendiak. Janaria ere izugarri gustatzen zitzaidan, bai eta Bilbao, Donostia eta Gasteiz hiriak ere. Han nengoela asko ibiltzen nintzen bizikletaz, eta Euskal Herria nire bihotzean gelditu da. Aldian behin itzultzen naiz hara, bertako historia eta kultura oso interesgarriak iruditzen zaizkidalako.
Orduz geroztik, leialtasun handia diozu Kukuxumusu markari: ze gustatzen zaizu beretik?
Maiz erosten dut, nik ez bainuke sekula eramanen Nike edo Adidas kamiseta bat Kukuxumusu hor egonda, askoz ere apartagoa, dibertigarriagoa eta kalitatea hobeagokoa iruditzen zaidalako. Umorea –beltza eta sarkastikoa, baina batzuetan ere inozo samarra–, koloreak eta marrazkiak gustatzen zaizkit.
Bilduma ederra izanen duzu, bada. Kukuxumusuren umorea, ongi ulertzen da Suitzan?
Bai, jendeak irri egiten du, oro har, marrazkiak apartak iruditzen zaizkie, eta hori sorpresa bat izan da niretzat, suitzar asko daudelako batere umorerik ez dutenak.
Zein da erosi duzun azken gauza?
Orain dela egun gutxi batzuk bilduma berriko lau kirol-jertse eskatu nituen; bereziki bi gustatu zaizkit, ‘Breaking Bull’ eta ‘Bullfather’.
Ezagutzen eta gogoratzen dituzun marrazki guztietatik, zein nahiago duzu eta zergatik?
Toreroaren belarriak eskuetan dituen zezenarena: behin zezenketa batean egon nintzen, Sevillan, eta lazgarria iruditu zitzaidan. Zezenak erdi drogatuta zeuden, eta sarraski ikaragarria zen. Marrazki hori barregarria iruditzen zait eta hunkitzen nauen gai bati buruzkoa da, horregatik atsegin dut.
Danieraz, suedieraz, norvegieraz, ingelesez, gaztelaniaz, alemanez eta frantsesez hitz egiten eta ulertzen duzu. Nolatan lortu duzu hainbeste hizkuntza ikastea?
Tira, daniarra naiz, eta, beraz, errazak zaizkit suediera eta norvegiera, antzekoak direlako. Ingelesa, beti telebista asko ikusi eta ingelesezko literatura ugari irakurri dudalako. Alemana, Alemaniako mugatik ordubetera sortu nintzelako, eta horretan ere telebista asko ikusi eta irakurri dudalako, eta eskolan ikastea derrigorrezkoa delako.
Eta gaztelaniaz? Bertan sortutako batek bezala hitz egiten duzu ia…
Gaztelaniazko batxilergo bat ikasi nuen Danimarkako Odenseko Unibertsitatean eta urtebeteko Erasmus bat egin nuen Bilbon, Deustuko Unibertsitatean. Bestalde, ikasketa bat egin nuen Triatloiko Espainiako Federazioarekin bost hilabetez, Madrilen, eta 2007tik bezero espainiarrekin aritu izan naiz lanean.
Tira, bakarra falta dugu, frantsesez ametsetan ikasi ote zenuen kontatzea…
Emaztea suitzar-frantziarra dut, eta ikastaro trinko batean ikasi nuen, baina gero asko ikasi dut harekin eta haren familiarekin, frantsesez hitz egiten dudalako bakarrik.
Hainbeste hizkuntza jakinda, zertan aritzen zara lanean?
Nire tituluaren arabera, “partner-zerbitzuen espezialista” naiz. Iazko otsailetik Neuchatelen (Suitza) ari naiz lanean Autodesk enpresarentzat; eraikuntzan aritzen diren ingeniari eta arkitektoentzako softwarea egiten du, baina, baita ere, efektu berezietako filmetarako, hala nola “Gravity” eta “Ironman 3” filmetarako, adibidez. Banatzaileekin aritzen naiz lanean, Techdata España enpresarekin adibidez, eta Europa iparraldeko, Alemaniako, Frantziako eta Ingalaterrako beste batzuekin ere. Erosketa-aginduak prozesatzen ditut, baita erosleen arazoak konpondu ere.
Zer da zuretzat Kukuxumusu?
Bizitza ikusteko modu oso positibo bat da, eta komunikatzen jakitea ere bai, gauzak ongi ateratzen ez direnean. Eta, bestalde, lagun, lankide, eta, oro har, jende guztiaren inguruan eragiteko modu bat ere bada.