“Marka bakarra dago nire leialtasuna lortu duena: Kukuxumusu”

Frank Daenen (Bree, Belgika, 1979) ilustratzaile belgikarra da, Kukuxumusuren zale amorratua. Gure marka Bartzelonako auzo gotikoan deskubritu zuen oporraldian zegoela, eta liluratuta gelditu zen. “Marrazki eta istorio ausartak ditut gustuko, politikoki zuzenak ez diren horiek”, azaltzen digu bizilekua duen herrixkatik –Meeuwen, Bruselatik 80 kilometrora–, hain zuzen ere, Tintin, pottokiak eta komikiaren makina bat pertsonaiaren sorlekua den herrialdetik.
Kukuxumusuko zer gustatzen zaizu gehien?
Marrazteko estiloa, umorea, komunikatzen dituen ideiak… eta kamisetak ausartak izatea. Marrazkiak gustatzen zaizkit, eta mugatik hurbil ibiltzen diren istorioak, politikoki zuzenak ez direnak.
Belgikan, egunotan, segurtasun-neurriak zorroztu dira joan den azaroaren 13an Parisen izandako atentatuen ondoren. Nola sentitzen zara horrekin?
Amorruak jota nago. Eta beldurrik ez sentitzen ahalegintzen naiz. Gozatzen jarraitu nahi dut, beti egin izan dudana egiten. Ilustratzaile gisa, nire lanaren bitartez soilik adieraz dezaket sentitzen dudana: haurrentzako istorioak sortzen jarraituko dut, itxuraz ikusten ari garen mundua baino atseginagoa den beste mundu bat erakutsita.
Kukuxumusuko pertsonaia guztietatik, zein dituzu gogokoen?
Ardiak daramatzatenak gustatzen zaizkit. Eta Citrosis “klasikoa”, barrea eragiten didalako.
Beste marka batzuen zalea ere bazara?
Ez ba, gustatzen zaidana erosten dut, markari erreparatu gabe. Uste dut marka bakarra dagoela nire leialtasuna lortu duena: Kukuxumusu.
Zer esaten dizu “Kukuxumusu” izenak?
Izenak dena esaten du. Nire ustez, umore berbera partekatzen duten pertsonak konektatzeko modu bat da Kukuxumusu.
Belgikarrek ere baduzue guk dugun umorea?
Jakina! Belgikarrok umore handia dugu. Beharbada lotsati samarrak gara baina ez gara batere serioak, hobeki ezagutzean antzematen da. Izan ere, Belgika inspirazio-iturri handia da.
Hitz egiguzu Belgikaz, zure herrialdeaz; zein dira bertako nortasun-zeinuak?
Belgikarrok harro gaude gure txokolate, garagardo, gazta, muskuilu. patata frijitu, wafflengatik… Futbol-talde handia ere badugu, modako diseinatzaile onak, musikari, dantzari eta artista bikainak, komiki-marrazkilariak…
Askotan haurrekin lan egiten duzu. Nola jokatzen dute ematen dituzun ipuin-tailerretan?
Urtean, zenbait hilabetez, Belgikako eta Holandako ikastetxe eta liburutegietara joaten naiz. Bisita horietan nire liburuen istorioak kontatzen ditut, abestu eta gitarra jotzen dut, eta txikienei ilustrazio errazak egiten erakusten diet. Oso zintzoak eta inozoak dira, biziki gustatzen zait haiekin lan egitea. Izugarri ikasten dut tailerretan kontatzen dizkidaten gauzak eta egiten dituzten komentarioak entzunez.
Zer leku dituzu inspirazio-iturri?
Meeuwengo inguruan dauden pinudi eta dunetan familiarekin batera paseatzea gustatzen zait. Gante, Brujas eta Antwerp hiri belgikarrak ere inspirazio-ituri handia dira. Eta berriki leku zoragarri bat aurkitu dut Holandan, Zealand deitutakoa. Eta, jakina, Bartzelona hiria. Nori ez zaio gustatzen Bartzelona?
Galdera bat, baduzu maskotaren bat?
Bai, etxean txakur bat dugu, Olaf, Bernako itzain-arrazakoa, bai eta katu bat ere, Joepiter, seme txikienak halaxe deitzen baitzion Jupiter planetari, eta oso irrigarria iruditzen zitzaigun.
Zein da Kukuxumusun erosi duzun azken gauza?
Udazkenean mauka luzeko kamiseta beltz baten bila ari nintzen eta Kukuxumusukoek oso ongi ematen dutenez, webgunean sartu nintzen bat bilatzera… eta ikusi nuenean “Batman” filma gogora ekartzen duen saguzar horrena, beste saguzar-andana batek osatua, ez nuen duda izpirik izan.