Kukuxumusuk Mexikon ireki du bere lehendabiziko denda

Kukuxumusuk inauguratu berri du bere lehendabiziko denda ofiziala Mexikon. 100 metro karratuko lokal zabala da, hiriburuko merkataritza eremu batean kokatua. Bertan, lurralde horretan markak dituen jarraitzaile eta bezeroei eskainiko dizkie produktu guztiak bere diseinu ezagunenekin.
Dendaren irekiera Kukuxumusuren eta kide mexikarren talde baten arteko lankidetza hitzarmenaren ondorioa izan da. Haiek, lokal berriaren kudeaketaz gain, Mexikorako ehun-lizentziaren ardura ere hartu dute. Helburua da merkatu horretan egonkortzea beste enpresa batzuekin akordioak eginez, haiek marka komertzialki gara dezaten eta ehungintzaz haratago, artikuluen ekoizpenaz eta banaketaz beste sektore batzuetan ardura daitezen.
Denda berriak Kukuxumusuk Europan dituen modelo ezagunenetako batzuk merkaturatuko ditu, bai eta merkatu mexikarrarentzat espresuki diseinatu diren beste batzuk ere.
Kukuxumusuren espazio berria Federico T de la Chica karrikan dago, Ciudad Satéliteko merkataritza eta aisialdiko eremu inportanteenetako batean, Mexiko hiriaren metropoli-barrutiaren ipar-mendebaldean. Kukuxumusu sare sozialetan, online dendan edo Espainiako bisitetan ezagutu duten hamaika zale mexikarren beharra asetzera heldu da denda, hainbat urte pasatu baitute kukusoaren muxua haien lurraldean egon zedin eskatzen.
Kukuxumusuren denda Mexikoko hiriburuan irekitzea duela urtebete hasi genuen nazioartekotze prozesuaren parte da. Prozesuaren helburu nagusia Europan eta kontinente amerikarrean barna hedatzea da, batez ere Frantzian, Italian, Alemanian, Erresuma Batuan, Estatu Batuetan eta Mexikon, lurralde horietan jarraitzaile kopuru garrantzizkoa baitu. Izan ere, bertako enpresekin lizentzia sistemaren bitartez marka ezartzeko akordio batzuk gauzatu ditu.
Kukuxumusu, Ideia eta Marrazki Fabrika, 1989az geroztik ari da umore eta dibertimendua sortzen. Bere pertsonaien unibertsoa artikulu andanara iristen da, mundu osoan, lizentzia sistemari esker, merkaturatzen direnak. Gainera, enpresa eta erakunde ugarik konfiantza dute haren sormen esperientzian bere markaren irudia sendotzeko: publizitate kanpainak, irudi korporatiboaren garapena, multimedia proiektuak, animazio proiektuak… horiek guztiek publiko mota ezberdinak erakarri dituzte haien sormen eta dibertimendua dela medio.