Kukuxumusu, anitzen proiektua

*El Correo egunkarian, 2017ko martxoaren 28an, argitaratutako artikulua. Artikulua Ricardo Bermejok sinatzen du eta gaur egun Kukuxumusu osatzen dugun 27 langileok babesten dugu
Hona hemen jatorrizko bertsioa gaztelanieran
Kukuxumusun arraro samarra zaigu auto judizialez, auzi eskeez, lege kontuez edo holako arazoez mintzatzea. Nahiago dugu barre eginarazten duten gauzak kontatu, ardiak eta zomorroak marraztu, ongi pasatu, edota beste batzuei gurekin ongi pasaraztekoak gara gehiago. Hala ere, azken hilabeteotan, eta nahi genukeenaren kontra, ez dugu epaitegietara gure eskubideak defendatzera joatea beste erremediorik izan.
Orain dela 3 urte iritsi nintzen Kukuxumusura Mikel Urmenetak proposatu zidalako. Enpresak zituen sormen, merkataritza eta finantza behar larriek, gehi ongi ezagutzen nuen proiektu bat, zeinen filosofia gustukoa bainuen, salbatzen saiatzeko erronkak animatu ninduten proposamena onartzera. Desafioa zen, baina konbentziturik nengoen aurrera eramaten ahalko genuela.
Lehenengo ustekabea oso laster iritsi zen, ohartu nintzenean Mikel Urmenetak, egoera kritikoa izan arren, arte-zuzendari gisa zituen eginbeharrak betetzeko inolako asmorik ez zuela: ez zuen marrazten, ez zuen ideia berririk sortzen, ez zuen joera edo bilduma berrietarako proposamenik egiten, ez zuen ezer egiten eta ez zuen egiten uzten, bere proiektu pertsonaletan murgildurik zebilen eta, kontratuan hitzarturik zegoenaren kontra, ez zuen Kukuxumusura negoziorik gehitzen. Haren baldintza ekonomikoak aldatzea proposatu genion eta uko egin zion horri. Kukuxumusuren egoeran, enpresarentzat ezinezkoa zen arte-zuzendariak holako ordainsariak izan eta bideragarritasuna emateko helburuan ezer ez ematea. Enpresako bulegoetan bizi izandako gertaera biolentoa, zeinengatik –hertsapenak izan zirela-eta- berriki zigortu baitute, akabua izan zen.
Une horretatik aurrera jazarpena iritsi zen. Lehenik, markaren filosofia aldatu izana egotzi zidan, eta haren baliorik berezkoenei erasotzea, marrazkilariak gaizki tratatzea, sormena ez errespetatzea eta beste hamaika gauza. Nekez egin nezakeen halakorik. Ezer ez zegoen Kukuxumusun aldaturik, marka salbatzeko interes irmoa eta enpresako arloek, nire aburuz, lan egiteko behar zuten askatasuna izan ezik. Haren konfiantza izan zuten pertsona berberek jarraitzen zuten beren postuetan: enpresako oinarrizko zutabeetako batzuk (komunikazioa, marketina, finantzak edo kudeatzailetza) harekin zuzendu zituzten berberek zuzendurik jarraitzen dute egun. Urte anitzetan harekin batera aritu ziren berberek.
Gainerakoa ongi jakina da: Mikel Urmenetak enpresa berri bat eratu zuen Kukuxumusuko sormen argumentu berberak izanik eta gure marrazkiak kopiatuz eta, hori zela eta, justiziara jotzea beste erremediorik ez genuen izan gure eskubideak urraturik ikusita, beste edozein enpresa balitz egin genukeen bezala. Gure bezeroek, gure lizentzia-titularrek eta gure langileek ez zuketen ulertu guk bestela jokatzea.
Eta orain epaia iritsi da eta epaiak hau dio: Mikel Urmenetak nahiz beste edozein markak edo enpresak ezin dituela eskubide ekonomikoak Kukuxumusuri urteetan zehar lagata zeuzkaten eta egileek kobratuak zituzten marrazkiak erabili. Ez Mikel Urmenetak ez beste inork ezin du beretzat hartu ezein eskubide marrazki horien gainean, zeinen egiletza hogei bat marrazkilarirena baita -horietarik batzuk gaur egun Kukuxumusuko plantillakoak dira- eta marrazkien erreprodukzio, banaketa, komunikazio publiko eta eraldaketa eskubideak, behar bezala ordainduak izan ondoren, konpainiari utziak izan baitziren.
Zera da deigarriena: marrazkigileek sinaturiko kontratu gehienak Mikel Urmeneta enpresako administratzailea zen bitartean izan ziren sortuak, ni iritsi baino anitzez lehenago, eta horrek esan nahi du Mikelek berak balioetsi zuela marrazki horien lana, lagapena eta ordainketa egiteko era.
Eta zer marraz dezake Mikel Urmenetak? Argi uzten du, bada, epaiak. Nahi duena, bere estiloaz edo asmatzea gogokoa duenaz, betiere Kukuxumusuren eskubideak urratzen ez baldin baditu.
Kukuxumusun lan egiten dugun guztioi -hemen 10 urte baino gehiago daramatenei eta berrikiago iritsi garenoi- egiten digu min Mikel Urmenetari, Luis XIV. berri bat balitz bezala, Kukuxumusu bera dela eta bera gabe hilko dela esaten entzuteak. Handiustekoaz gain, gezurrezkoa da. Kukuxumusu bere beste bi fundatzaileen obra ere bada, zeinek enpresan 25 urtez iraun baitzuten, eta haien partaidetzarik gabe Kukuxumusu ez zatekeen inoiz izan. Fundatu zenetik Kukuxumusu markarako marraztu duten hogei bat ilustratzaileen lana ere bada; eta Kukuxumusu konpainian izan diren edo izaten jarraitzen duten ehundik gora langileak ere badira: markaren hizkuntza sortzen lagundu duten diseinatzaileak, sortzaileak, komunikatzaileak eta gidoilariak, besteak beste. Haiek guztiak gabe Kukuxumusu ez litzateke gaur egun den hori.
Ni iritsi aurretik, Kukuxumusuk plantillaren %70 galdurik zeukan, 7 EEE izana zen eta desagertzeko zorian zegoen. Orain bidegarritasun plana dago, inbertitzaileen, bezeroen eta lizentzia-titularren konfiantza berreskuratu da, proiektu berriak sortu dira, sormen bilakaera dago, merkataritza indarra berriro izateko beharrezkoa dena, abian dugu nazioartekotze plana, eta horren bidez marka beste zenbait herrialdetara hedatzeko aspaldiko irrika gauzatzen ari da. Meritua bertako 27 enplegatuena, gaur egun kanpotik kolaboratzen ari diren 8 marrazkigileena eta guregan konfiantza izaten jarraitu duten bezero, lizentzia-titular eta partner guztiena da oso-osorik.
Haiei guztiei, milesker. Eta haiei guztiei, lasaitasuna, konfiantza eta baretasuna, Kukuxumusuk betidanik egon den tokian egoten jarraituko duelako, lanean, sortzen eta berritzen gure marka munduko bazter guztietara eramateko. Horretan ari gara.