Omenaldia Donan Pher-i, boligrafoaren enperadoreari
Kukuxumusuk keinu berezi bat egin nahi izan du Fernando Vázquez López “Donan Pher” gogoratzeko. Ia 50 urtez jarraian Sanferminetan Iruñea bisitatu eta lumak, arkatzak eta boligrafoak eskaintzen zituen saltzaile ibiltaria abuztuan hil zen, 86 urte zituela.
Egun hauetan, Kukuxumusuk bere senide zuzen ugari hartu ditu Iruñean: bere alarguna Lola García-Lomas, alaba Loli Velázquez García-Lomas, suhia Agustín Jaimez Cordón eta bilobak Raúl eta Sara Jaimez Velázquez. Guztiek ikusi dute gaurko entzierroa Iruñeko Udaletxeko balkoitik, eta, ondoren, Sarasate Pasealekura joan dira, han jartzen baitzuen bere saltokia.
50 urte Sanferminetan
Bertan, Donan Pher mitikoa gogoratu dute, Sanferminetara 50 urtez etorri baitzen, 1942tik 1991ra, eta urte hura izan zen bere boligrafo ezagunak saldu zituen azkena. Markaren arduradunek senideei azaldu diete Kukuxumusuk 1996an diseinatutako kamiseta batean jada Donan Pher jaietako pertsonaiarik garrantzitsuenekin batera irudikatu zuela, baita 2011ko Sanferminetan bere omenez kamiseta berezi bat (bere izenarekin eta XIX. mendeko esploratzaile jantzi mitikoarekin irudikatuta) egiteko ideia nola sortu zen ere.
“Asko harritu gaitu omenaldi honek; bagenekien nire aita maitatua zela, baina bidaia ia sinetsi gabe prestatu dugu. Ilusio handia egin digu, ama eta biok beti etortzen ginelako lanera, aitari laguntzera, eta hau da jaietara gatozen lehenengo aldia. Oso pozik gaude jaso dugun maitasun guztiagatik”, azaldu du haren alaba Lolik Sarasate Pasealekuan bertan.
“Abenturazalea eta intelektuala”
Mikel Urmenetak, Kukuxumusuren sortzaileak eta sormen zuzendariak, Kukuxumusuk Donan Pheri zergatik egin dion omenaldia azaldu du. “Benetan erabilgarriak diren gauzak eskaintzen zituen saltzaile ibiltari bakarra zen. Iruñea eta Sanferminak maite zituen saltzaile abenturazale eta intelektuala zen, eta agintaritzek arkatzak eta boligrafoak Taconeran saltzera behartu zuten -beste askorekin egin zuten bezala-, baina bere saltokiak Sarasate Pasealekuan jarraitu behar zuen”.
Alabak ere gogoratu du aitak, Iruñean lan egin zuen azken urteetan, hirigunean zuen betiko tokia utzi behar izan zuen unea. “Etsipena sentitu zuen, baina ez zuen beste aukerarik izan, eta eragin handia izan zuen salmentetan, baina Iruñea asko maite zuelako jarraitu zuen etortzen”.
Iruñera etortzeaz harro zegoen
Azkenik, Loli Velázquezek bere aitak Iruñearekiko zuen maitasuna azpimarratu du. “Oso gizon konplitua zen eta atsegin handiz etortzen zen, jendeak estimatzen zuelako eta urtero espero zutelako. Oso harro zegoen iruindarrekin zuen harremanaz. Beti gogoratzen zen Iruñeaz”.
Egun osoan zehar, Donan Pheren senideak jaietako hainbat tokitan izan dira Kukuxumusuren arduradunekin. Arratsaldean, zezenketara joango dira Mikel Urmenetarekin eta oso sari berezi bat jasoko dute: Kukuxumusuko langile guztiek sinatutako “Donan Pher” kamiseta bat.