HAU KUKUXUMUSU DA!

Mikel Urmeneta Kukuxumusutik joateari buruz ahoz aho dabilen informazioa dela-eta, hauxe da enpresaren errealitatea:
Ideia eta Marrazkien Fabrikak lanean jarraitzen du, 1989an fundatu zenez geroztik egin izan duen bezalaxe. Gaur egun 30 langiletik gorako taldea du, hainbat esparrutan talentua, lana, esperientzia eta profesionaltasuna ematen dituena. Gainera, marka honek milaka jarraitzaile eta bezero ditu, eta horien erabakiei esker, bizirik jarraitzeko aukera du markak. Kukuxumusu, merkatuan sendotuta dagoen beste edozein marka bezalaxe, ez du pertsona batek, bik edo hiruk osatzen, nahiz eta orain arte Mikel Urmeneta –hiru fundatzaileetako bat– izan den aurpegirik mediatikoena eta ikusiena.
Mikel Urmeneta ez da kaleratua izan Kukuxumusutik: egun enpresako bazkidea izaten jarraitzen du, eta beti izan duen partaidetza-portzentaje berbera du, %33,3. Oraindik ere, berea da enpresaren herena. Berak hartu zuen, duela zenbait hilabete, Kukuxumusuren eguneroko jarduna uzteko erabakia.
Kukuxumusuren jatorria hiru bazkide fundatzaileen garaitik dator, baina bizirik daraman ia 27 urte hauetan bilakaera bat izan du markak, eta beste edozein markaren antzera, joera, gustu, egunerokotasun eta halako berrikuntzetara egokituz joan da. Marrazki, kamiseta, pijama, termo, euritako, taza eta abar bakoitzaren atzetik, bai eta Kukuxumusuren unibertso sortzaile guztiaren atzetik ere, enpresa bat dago, diseinu, komunikazio, marketing, merkaturatze eta kudeaketaren arloetako 30 langile baino gehiago dituena, haietako batzuek 10 urtetik gorako ibilbidea dutenak marka honetan.
Azken urteotan, Mikel Urmeneta pixkana-pixkana aldendu da, berak hala erabakita, Kukuxumusuren eguneroko jardunetik, eta zuzendaritza artistikoaren lanetatik urrunduz, proiektu pertsonaletan aritu izan da. Bazkide berri bat marka berpiztera sartu zen unean, 2014ko otsailean –lanpostu asko suntsitu zituen krisialdi gogor baten ondoren–, enpresa berpizteko plan bati ekin genion, haren kaudimena ziurtatze aldera. Kukuxumusuko zuzendaritzak behin eta berriz eskaini zion Mikel Urmenetari bere kontratu profesionala berriro negoziatzeko aukera, baina berak uko egin zion, horrek enpresari kalte bat ekarri badio ere. Mikel Urmenetak ez zuen ulertu nahi izan enpresa, langileak eta marka bere pertsona baino garrantzitsuagoak direla.
Kukuxumusu egunero birsortzen da, bere eskaintza merkatuaren eskaera zorrotzetara egokituz eta bizirik iraunaraziz bai marka, bai langileen lanpostuak. Une honetan, enpresak hazten jarraitzen du, eta merkatu berriak zabaltzen ari da.
Kukuxumusuren markak bere balioei, umoreari eta funtsari eusten die, eta bere proposamen, proiektu, marrazki eta ideien bitartez probokatzen, dibertitzen eta akuilatzen jarraituko du, eta bururatzen zaigun guztia gauzatuko dugu mundua kukuxumizatze aldera. Testis, Belorzia, Wolf, Txanogorritxo eta Kukuxumusuko bestiarioko basapiztien familia guztia, sasoi betean baitaude eta oraindik ere gauza asko eta asko baitituzte kontatzeko.
Hori irakurri eta gero oraindik ere zalantzarik baduzu, deiguzu eta hobeki azalduko dizugu (ahalegindu bai, behintzat).
Kukuxumusuko taldea
HAU KUKUXUMUSU DA!