Frantziarra eta Kukuxumusu, Ken Zazpi eta Berri Txarrak-en zalea

Juliette Bernard Kukuxumusuren zalea da, Bordelen jaioa. Ez daki euskaraz, baina Gure Irratia asko entzun du Interneten bidez eta Ken Zazpi gogokoen dituen musika taldeetako bat da. “Euskal hizkuntza gustatzen zait, haren soinuak, erritmoa”, esan digu.
Nola sortu zitzaizun euskal rockeko oraingo taldeekiko zaletasuna?
Ken Zazpi edo Berri Txarrak taldeez-eta hitz egiten entzun nuen lehen aldia Akitaniako Tolosan, Frantziako hegoaldean, ikasle nenbilen garaian izan zen. Musika hori ezagutarazi zidaten euskal ikaskide batzuk izan nituen. Baina lehenago Gure Irratia entzuten nuen Interneten bidez eta euskal rockarekin oro har etxekoturik nengoen neurri batean.
Badakizu zerbait euskaraz?
Bai zera, baina izugarri gustatzen zait euskal hizkuntza, haren soinua, erritmoa. Bestalde, kanten hitzen itzulpena bilatu dut, Ken Zazpiren kantena batez ere. “Itxaropena”, “Olatuz Olatu” eta “Ilargia” abestiak nire gustukoenak dira. Nahiz eta frantziarra izan, euskal musika hori “mintzatzen zait”.
Bada, ziur badakizula Kukuxumusuk esan nahi duena.
Bai, jakina, euliaren musua, edo horrelako zerbait. Hori kontatzen diet lagunei Kukuxumusuz galdetzen didatenean, eta euskal marka dela.
Nola ezagutu zenuen gure marka?
Ahizpak orain dela sei edo zazpi urte Kukuxumusuko kamiseta bat oparitu zidan eta anitz gustatu zitzaidan eta harritu ninduen. Orduz geroztik, kamiseta, pijama eta azpiko arropa anitz erosi ditut, koloreak eta marrazkiak zoratzen nautelako.
Bat egiten duzu gure pertsonaietako baten batekin?
Nire kutunetako bat “Born to fly” kamisetako txoritxoa da; esaldi horrek animo handia ematen dit egunerokoan.
Zertan aritzen zara profesionalki?
Oraingoz kamioilari ari naiz, baina herri lanetako ikuskatzailea naiz.
Hobbyren batean aritzen zara aisialdian?
Hobby anitz ditut! Gitarra jotzen dut, bizikletaz ibiltzen naiz, aikido eskoletara joaten naiz (astean bizpahiru aldiz), eskiatu egiten dut, mendi-ibiliak egiten ditut… eta nire lorategian ere makina bat orduz aritzen naiz.