“Ez dakit Kukuxumusuko otsoak zer nahi duen, ardia jan… edo musukatu!”

Laurence Arnold Londresen bizi da jaio zenetik. Hegaztiak ezagutzeko zentro bateko boluntarioa da, eta txirrindularitzaren zale handia. Kukuxumusu txirrindularitza lasterketa batean ezagutu zuen: Euskaltel taldeak, bere gogokoenak, marrazki dibertigarriak zituzten laranja koloreko kamisetak zeramatzan. Orduz geroztik, markaz maitemindu zen… eta euskal herritarroz. Harekin mintzatu gara.
Kukuxumusuko umorea Erresuma Batuan ulertzen da?
Uste dut baietz. Beharbada, gure arbasoak itsasoan elkarrekin bizi izan diren urte horiek guztiak, arrantzan eta baleak harrapatzen, hobeki eraman ditugu umore senari esker. Umorea unibertsala dela uste dut. Nori ez zaizkio gustatzen erokeriak egiten agertzen diren animaliak, Kukuxumusukoak bezalakoak?
Nola erreakzionatzen du zure inguruko jendeak soinean Kukuxumusuko kamiseta bat duzunean?
Anitzek non erosi dudan galdetzen didate. London Wetland Centre-n, hegaztiak ezagutzeko zentroan, boluntarioa naiz; urtean bi aldiz hartu behar ditugu itxian bizi diren hegaztiak odol analisia egiteko. Urte batean nik ‘Psicopata’ kamiseta neraman jantzirik eta guztiek hura bezalako bat nahi zuten. ’Born to Fly’ ere atsegin zaie izugarri nire kide boluntarioei.
Zein da erosi duzun azken jantzia?
Mahuka luzeko bat, saguzar pila bat duena, eta hori ere gustatzen zaie anitz nire kide naturalistei. Buff-en bat ere erosi dut, oso gustuko dudan jantzia delako, Kukuxumusukoak batik bat, eta inoiz ez dut buff askirik.
Zer gustatzen zaizu gehien gure markan?
Umorea. Beste marka umoretsu batzuk ere atsegin zaizkit, Gary Larson, Loony Tunes eta Aardman Animation adibidez. Kukuxumusun, zera maite dut izugarri, animaliek nortasun handikoak eta zital samarrak izatea eta hori diseinu eta jantzietan islatzea. Diseinu bakarrak, originalak, gustatzen zaizkit anitz. Nire kamisetak non erosten ditudan galdetzen dit niri jendeak beti.
Kukuxumusun pentsatzen duzunean, zer etortzen zaizu burura?
Badakit kukuso batekin eta musu batekin zerikusia duela… Orain dela zenbait urte bazen musika talde bat, Penguin Cafe Orchestra, zeinek “El éxtasis de las pulgas bailando” abestia kantatzen baitzuen. Zoratzen nau abesti horrek. Hori gogorarazten dit Kukuxumusuk, kukuso musukatzaile baten estasia.
Esaguzu gogokoen dituzun marrazkietako bat.
Zalantzarik gabe, ‘Escondido’. Ez nago ziur otsoak zer nahi duen, ardia jan… edo musukatu Oso atsegin zaizkit ardiak dituzten marrazkiak. Ardi mozorroturiko otsoa ingelesez erabiltzen dugun esapidea da. ReporT-shirts izenekoak ere gustatzen zaizkit, bilduma hori oso ona da.
Zuk animaliak anitz maite dituzu, baten bat bereziki?
Galdera hau oso zaila da erantzuten. Narrastiek zoratzen naute, ez ulertuak dira… baina txoriek ere bai, hegan egin dezaketelako, eta hori itzela da. Hegazti migratzaileen iritsiera hunkitzen nauen eszena da, haiek ez dute ez muga-barrurik ez muga politikorik ezagutzen. Hainbeste ikas genezake haiengandik… mundua gidatzen jarri beharko genituzke.
Nola ezagutu zenuen Kukuxumusu?
Txirrindularitzaren oso zalea naiz eta duela zenbait urte Euskaltel Euskadi taldearen jarraitzaileek zeramatzaten kamiseta laranjei erreparatu nien. Bilatu nituen eta urte bakoitzeko berria erosiz joan nintzen, Euskaltel Euskadi nire begiko taldea ere bazelako. Bizikletaz ibiltzera joaten nintzen bakoitzean janzten nituen.
Anekdotarik gertatu zaizu kamiseta horiekin?
Bai, euskal herritar anitzek agurtu naute, agurtu ere, ni kamiseta laranja horietako bat, Kukuxumusuk Euskalteleko txirrindulariak animatzeko diseinatuta, soinean taberna edo kafetegi batean sartzen ikustean. Lagunak egiteko aitzakia ona dira.
Izan zara inoiz Euskal Herrian?
Oraindik ez. Baina egunen batean joanen naiz. Liluratu egiten nau horren lurralde txikia izanik munduari hainbeste txirrindulari on eman izanak. Euskal txirrindularien jarraitzailea egin nintzenetik, anitz irakurri dut Euskal Herriaz, haren historiaz, haren kulturaz… Eta jende anitzek esaten dit euskal itxura dudala, nahiz eta zenbait belaunalditatik londrestar naizen, baina auskalo tartean euskal herritarren bat ez ote den sartu.
Zure hurrengo bidaian nora joatea gustatuko litzaizuke?
Antartikara. Joan zen azaroan zirkulu polar artikoan egon nintzen bi egunez, iparreko argiak ikusten. Itzuli nahi dut. Eta Euskal Herria bisitatzea ere gustatuko litzaidake.