Marrazki bat errugbi inklusiboa sustatzeko

Escor Gaztedi Gasteizko errugbi kluba da eta bertako senior taldea Euskal Ligako lehen mailan ari da. Haatik, klub honen alderik bereziena bere taldeetako beste bat da, Gaztedi Rugby Down 21 alegia, Down sindromedun hainbat neska-mutikoz osatua.
Haientzat diseinatu ditugu kamisetak, marrazkian ekimen horren bidez bete nahi duten helburua islatu nahian: kolektibo horren kirol jarduna, autonomia eta inklusioa sustatzea.
Proiektua orain dela urte pare bat sortu zen, Gaztediko jokalari batek, Down Arabako langilea bera, Down sindromedunentzat kirola, errugbia hain zuzen, egin ahal izatea zein onuragarria litekeen ulertu zuelako. Klubak gogo beroz hartu zuen proiektua eta harrezkero neska-mutiko multzo batek -orain 15 dira- errugbian entrenatu eta jokatzen du desgaitasunik ez duten gainerako jokalarien ondoan.
Oraingoz ez dago haiek parte hartzeko lehiaketa ofizialik, Espainian antzeko hiru talde besterik ez dagoelako, egon ere. Hala ere, jada ari dira beren hurrengo jardunak ilusioz prestatzen, ekaineko torneoa, zeinetan desgaitasuna duten eta desgaitasunik ez duten pertsonek -horretarako espresuki sorturiko erregelamenduarekin- jokatuko baitute, eta Ingalaterran datorren abuztuan eginen den nazioarteko txapelketa.
Oraingoz, beren proiektuak finantzatzeko, duela zenbait egun hasi ziren berentzat diseinatu ditugun kamisetak saltzen. Araba Cupen aurkeztu zituzten, 6 eta 14 urte bitarteko milatik gora jokalari bildu zuen errugbi eskolen topaketan; horko partidetan Down sindromedun haurretako batzuk aritu ziren aktiboki.
Errugbi inklusiboko proiektu horri buruz gehiago jakin nahi baduzue, Down Espainiaren bideo hau ikus dezakezue.