Tangoa dantzatzen zuen Suediako irakasle xelebrea, Kukuxumusurekin topo egin zuena

Batzuetan, oso jende xelebrea etortzen da Kukuxumusura. Adibidez, Johan Järlehed, suediar oso altu eta oso mehea, Europa iparraldeko diseinuko betaurrekoak eramaten dituena, betiere Ikearen sorlekuan jaiotakoek duten izaera lasai horrekin. Filologia Hispanikoa ikasi zuen Deustun eta, ia oharkabean, Gothemburgko Unibertsitateko irakasle eta gutxiengoen hizkuntzen ikertzaile bilakatu zen azkenean. Eta zer galdu zaio Kukuxumusun? Duela lau urtez geroztik euskal eta Galiziako gaiek eremu publikoan duten irudi grafiko, linguistiko eta bisualaren gaineko ikerlan bat egiten ari da. Suediako Zientzia Kontseilu Nazionalak –Vetenskapsrådet– finantzatutako proiektua da, eta honako izenburu hau du: “Pride and Profit: Semiotic landscaping in Galicia and the Basque Country”.
Ikerketak diferentzia kulturalaren nozioa hartzen du ardatz, eta hori nola negoziatzen eta islatzen den hiriko paisaian ikusgai dauden hainbat euskarritan, adibidez, erakundeen logotipoetan eta kaleetako plaketan, bereizgarri gastronomikoetan… baita kamisetetan ere. Adibidez, ‘tx’ eta ‘k’ letrak kalean nola erabiltzen diren aztertzen du, nolako bilakaera izan duen ‘euskal tipografiak’ –eta ‘galegoak’–, zer presentzia duen eremu elebidunetan, Nafarroan adibidez, eta abar.
Puntu honetara iritsita, Kukuxumusu aipatu behar dugu: Johanek Bilbon emandako garaitik ezagutzen zuen marka, hau da, 1997tik. Mendi-taldeko kide batzuek herri kirolari edo euskal kulturari buruzko marrazkiak zituzten kamisetak janzten zituzten. Hortaz, ez zuen dudarik izan Kukuxumusuk euskararen adierazpen bisualari egindako ekarpena zein zen aztertzeko orduan.
Bere lehen gogoeten artean nabarmentzen da markak “estilo koherente eta zirraragarri bat lortu duela, nahiz eta denbora joan ahala euskal gaiak garrantzia galdu eta beste esparru, genero eta euskarri batzuetara zabaldu den”. Baina oraindik ez da bukatu bere ikerlana, eta azken ondorioen zain gelditu beharko dugu.
Ez gaitu harritzen Johanek bere “laborategian” gu sartu izanak. Orriak eta orriak bete genitzake Kukuxumusuk euskara, bere kultura eta presentzia munduan bultzatzera bideratutako marrazkiak eta lanak erakutsiz. Izan ere, ez da kasualitatea bere izena euskaraz izatea. Berrikiago, Euskadiko turismo-kanpainaren diseinuan beste modu batez marraztu da ikurrina, Euskadiko bandera, Kukuxumusuren lengoaiaz.
Aukeraz baliatuta, oso gutxitan agertzen baitu suediar batek gure aldeko interesik, Gothemburgen dagoenean gure kulturatik zer sumatzen duen faltan galdetu diogu. “Pintxoak jatera joatea, tabernaz taberna ibiltzea lagunekin, zutik edatea, solasean aritzea… Halako ohiturarik ez da Suedian”, erantzun digu gaztelania perfektu batez. Eta bereziki gustatzen zaizun hiriren bat? “Bilbao maite dut, eta txikiagoetan, Lekeitio, Bermeo, Hondarribia…”.
Tira, eta konfiantza-giroan murgilduta, zer diozu euskal musikari buruz? “Biziki gustatzen zait dantza egitea, musikak ‘gorputza’ izatea. Eta hori ez dut aurkitu euskal musikan. Urtetan tango argentinarra dantzatu izan dut, mundu guztiko maratoietan aritzen nintzen”, azaltzen digu kafe-kikara –esnerik ez, azukrerik ez– baten azken tantak xurgatzen dituen bitartean.