Kukuxumusuko bi ardi ligatu nahian dabiltza Idahoko (EEBB) Basque Museumen

Kukuxumusun maiz prestatzen ditugu bidaiatzeko fardelak. Gure piztiei izugarri gustatzen zaie han-hemenka ibiltzea, beste hizkuntza batzuk murduskatzea, ligatzea… horrela, bada, joan den udan gure ardietako bi ozeanoz bestaldera pasatu ziren Jaialdira joateko; festa izugarri hori bost urtetik behin egiten da Boise (Idaho) hirian, Ameriketako Estatu Batuetako mendebalde urrunean.
Milaka jende joaten da haraino, euskaldun dezente barne, baita Eusko Jaurlaritzako ‘boss’ delakoa ere, alegia, egungo lehendakari Iñigo Urkullu. Zenbait egunez, Boiseko kaleetan kalimotxoa edaten da, txistuak eta trikitiak aditzen dira, jotak dantzatzen dira, pilotan jokatzen da, asko eta ongi jaten da, ikurrinak inarrosten dira leihoetan… eta hori guztia bertako biztanle asko eta askoren euskal jatorria ospatzeko –gehienak Bizkaitik iritsitakoak– eta historia hura ahantz ez dadin.
Bidaiaren aitzakia bat eta bakarra zen: kontatzea, marrazki baten bidez, XX. mendearen bukaeratik aurrera Idaho estatura migratu eta bertan betiko errotu ziren euskaldunen historia. Gehienak artzain ibili zirenez, gure ardietako bi marrazki ditugu, ligatzen: batek ikurrina darama, eta besteak, Ameriketako Estatu Batuen bandera.
Oraingoan Boiseko Basque Museumak egin zigun merchandising-produktu batzuk (txanoak, kamisetak, giltzatakoak, motxilak, paperezko ezpain-zapiak…) diseinatzeko enkargua, gero bere dendan saltzeko. Eskarmentu handia dugunez museo eta erakundeetarako produktuak egiten, haien neurriko marrazki bat egin eta oparitzeko zenbait objektutan aplikatu dugu.
Museoak euskal diasporak Ameriketako Estatu Batuetan izandako historia erakusten du, eta, halaber, euskarako eskolak eman, jarduerak antolatu, eta idatzizko eta ahozko istorioak biltzen ditu; haurrentzako eskola bat ere badago bertan, euskaraz –bakarra herrialde guztian– eta lan bikaina egiten du kulturaren arloan. Bertan murgilduta altxor txiki batzuk aurkitu ditugu, hala nola Henry Etcheverry jaunari egindako elkarrizketa hau; euskal artzainen ondorengoa dugu Henry nekazaria, eta kalitate handiko artilez hornitzen ditu jantzigintzako enpresa amerikar handi batzuk.
Era berean, Juanita Uberuagaren berri ere izan dugu, ‘Jay’ izengoitia duena (festazalea, noski); Ameriketako Estatu Batuetan euskal dantzen eskolak eman zituen lehen emakumea izateagatik da ezaguna, eta pertsona garrantzitsuenetako bat izan da euskal kultura zaintzeko lanetan. Bere bizitzan zehar denetarik bildu du –argazkiak, artikuluak, iragarkiak, dokumentuak, eskelak, programak, kartelak…– historiaren zatitxo hori ulertzen laguntzen dutenak.
Bernardo Atxagak euskal artzain haien bizimodua islatu du “Nevadako egunak” eleberrian (Alfaguara arg.). Horren berri ematen digu elkarrizketa iradokitzaile honetan.
Idaho ez da turistek gehien bisitatzen duten toki horietako bat, baina gure piztiek esan digute bertan primeran egoten dela, paisaiak flipatzeko modukoak direla eta bertako soro lasaietan bazkatzen gelditzeko gogoa ematen duela. Traveller aldizkarian bertaratzeko grina pizten duen gida on bat aurkitu dugu. Erraten dutenez, Obama Idahora joan zenean, “Gora Obama!” oihukatuz egin zioten ongietorria.