Kukuxumusuk 2008ko Nafarroa Oinezen logotipoa sortu du

2008an Iruñeko Jaso ikastolak antolatuko duen Nafarroa Oinez festaren logotipoa Kukuxumusuk egina da, Pilar Echezarretarekin batera. Nafarroako ikastolen urteko festa, Jaso Ikastolak antolatuko duena, heldu den urteko urriaren 19an ospatuko da Iruñean.
Gaur ostiralean egin den prentsaurrekoan aurkeztu da jendaurrean lehenbizikotz heldu den urteko festaren irudia izanen dena. Bertan izan dira Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendaria den Pello Mariñelarena eta Koldo Aiestaran, Kukuxumusukoa, Aritz Lizarraga eta Zuri González, Vianako Erentzun Ikastolakoak, eta Iosu Zuazua eta Unai Arellano, Jaso Ikastolakoak.
“Atera ezazu mihia”, ikastola ondoko Miluze zubia gogoratuz Jaso ikastolako Edu Zelaieta irakasleak sorturiko lelotik abiatuta, mingain luze bat buruaren inguruan jiraka/aterata duen igela irudikatu du Kukuxumusuk Pilar Echezarretarekin batera. Marrazkiaren kolore biziek festa giroa iradokitzen dute eta igelaren ahotik irteten den mihiaren formak, berriz, arroba komunikazio sinbolo modernoa ekartzen du gogora. Horrela bada, marrazkia eta logotipoaren bidez, hizkuntza karrikara atera eta konplexurik gabe erabiltzeko gonbitea egin nahi zaie euskaldun guztiei.