Euskal kultura marrazten (eta zabaltzen) dugu

Badakizuenez, euskarazko bi hitzek osatzen dute Kukuxumusu izena: ‘kukuxu’ –arkakusoari horrela esaten zaio zenbait lekutan–, eta ‘musu’. Euskara genetan daramagu, eta hori gure ibilbidean islatzen da. Biziki gustatzen zaigu mundura ateratzea beste kultura eta adierazpide batzuk ezagutzeko… bai eta gure sorlekuaren berri emateko ere.
Gure portfolioan marrazki asko eta asko daude euskal kulturaren berri ematen dutenak marrazkiaren bitartez. Horrela, zenbaitetan Eusko Ikaskuntza erakunde zientifiko-kulturalarekin aritu gara elkarlanean, horren helburua euskal kultura hedatzea baita. 2005ean, Juan Antonio Apraiz ‘Koiote’ ikertzaileak gidatuta, Arrantza marrazkia sortu genuen, baleen ehizaren tradizio mitikoaren gainean.
Bigarren elkarlanak kaiku bat egiteko behar diren tresnak erakusten zituen, eta Fermin Leizaolak lagundu zigun horretan. “Oihalgintza”, euskal brodalan tradizionalei buruzkoa, Karmele Goñi euskal antropologoaren laguntzaz egin genuen. Eta Javier Armendarizek lagundu zigun hurrengo proiektuan, euskal mitologiari eta horrek kultura megalitikoarekin zuen harremanari buruzko hartan.
Dudarik gabe, “Euskal emakumeak” izan da ospe handienetakoa lortutako bat; hartan, Euskal Herriaren historiako emakume garrantzitsuenetako batzuk ageri ziren, den-denak menderakaitzak. Proiektu hura egiteko orduan Lola Valverderen aholkuak izan genituen lagungarri, Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasle eta emakumeei buruzko gaietan aditua baita.
Nafarroako ikastolen festa den Nafarroa Oinez ospetsuak zenbait urtetan izan du gure marrazkietako bat bere irudian, bai eta Sortzen Ikasbatuazek antolatutako euskarazko eskola publikoaren festak ere. Azken horrekin elkarlanean aritu gara “Ene kantak” hiru disko irudiztatzen ere. Disko horiek haurrentzako kantuak biltzen dituzte, hainbat euskal artistak, bertsolarik, kirolarik eta pertsonaia ospetsuk interpretatuta, eta oso aurpegi ezagun bat edo beste ere aritzen da, ‘El último de la fila’ taldeko abeslari Manolo García, adibidez, zur eta lur utziko gaituena euskaraz abestuz.