Tolosako inauteriak kamiseta batean
Kukuxumusu Marrazki Fabrikak Tolosako inauteri famatua irudikatzen duen kamiseta bat diseinatu du. Aurten otsailaren 11tik 16ra izanen dira hango inauteriak. Gaur goizean egin dute aurkezpena, herri gipuzkoarraren kultur etxean eta bertan parte hartu dute Nestor Ardanaz kamisetaren bultzatzaileak, Nerea Letamendia turismo zinegotziak eta Andoni Iturzaeta kulturakoak, baita Edurne Arrizibita Kukuxumusuren ordezkariak ere.
Kukuxumusuren zezen eta ardi mozorrotuak protagonista dituen diseinuak Tolosako jaiaren funtsezko osagarriak erakusten ditu: musika txarangak, mozorroak, zezen plaza -inauteriaren epizentroa-, San Frantzisko kalea, non desfileak egiten baitira, Gaztelako atea eta tolosarren gogoan dagoen mozorro mitikoa, hegazkinlariarena, hain zuzen.
Kamiseta, helduentzat zein umeentzat eta zenbait koloretan eskuragarri, salgai egonen da Kukuxumusuk Tolosan duen salmenta ofizialeko toki bakarrean -Oria kalea, 4.a- eta bertako turismo bulegoan (Santa Maria plaza, 1.a).