Kamiseta Euskadi Irratiaren 30. urteurrenaren karira
Euskadi Irratiak atzo aurkeztu zuen Donostiako San Telmo Museoan bere 30. urteurrenaren oroitzapeneko kamiseta, Kukuxumusuk euskal irrati publiko enblematiko horren urtebetetzea ospatzeko diseinatua. Ekitaldian Alberto Surio, EITBko zuzendari nagusia, Javier Torrontegui, EITB taldeko zuzendari koordinatzailea, Felipe Juaristi, Euskadi Irratiko zuzendaria, eta Koldo Aiestaran, Kukuxumusuko bazkide-sortzailea, izan ziren.
Kamisetako marrazkiak mikrofono bat eta taupadaka ari den bihotz bat erakusten ditu. Aiestaranen beraren hitzetan, “diseinu zuzena, xumea eta metaforikoa da, zeinen bidez Kukuxumusuk bere entzuleei sentimendua transmititzea lortzen duen irrati baten hurbiltasuna helarazi nahi izan baitu”.
San Telmo museoraino, bestalde, kamiseta harro erakutsi zuten euskal kirolari ezagun batzuk iritsi ziren. Esate baterako, Leire Olaberria txirrindularia, Mikel Odriozola atleta, Inaxio Perurena harri-jasotzailea, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileak, Ander Vilariño auto-pilotua eta Oinatz Bengoetxea pilotaria.
EITBk jakinarazi duenez, kamisetak datorren igandean, irailak 9, banatuko dituzte Donostian, Kontxako estropaden egunean. Stand berezi bat egonen da Portaletasen, non Euskadi Irratiaren entzuleek, irratian iragarriko duten leloa errepikatzen badute, kamiseta bat jasotzen ahalko baitute.
Informazio gehiago Eitb.com-en