DBHko liburuetan sartu gara

Edelvives eskola-umeentzako testu liburuen argitaletxe handietako bat da. Urte pila bat darama bere orrialdeen bitartez hezten eta ziur zuetako batzuek haren eskuliburuak ikasi dituzuela OHO zaharrean -urte gehiago duzuenok- edo DBH berrian -gaztetxoak zaretenok-.
Zera bada. Elkarlan bati buelta eta buelta ibili gara zenbait hilabetez eta orain azkenean erakusten ahal dizuegu amodioaldi probetxugarri horrek eman duena. DBHko 1. eta 3. mailetako irakasgai guztietako testuliburuen azaletarako marrazkiak agindu zizkiguten. Haien helburua, irakasgaia nerabe eta irakasleentzako errealitate erakargarriekin lotuko zuen mezu buruduna helaraztea.
Gainera, haren #somoslink kanpainako komunikazio guztietan ere ikusiko ditugu gure marrazkiak; hori hainbat sare sozialen bitartez eta haren testuliburu eskaintza berria merkaturatzeko sortu duten mikrogune bideodunean gauzatuko dute.
Liburuak -gaztelaniaz, katalanez, euskaraz, galegoz eta valentzieraz editaturik- 2015eko irailean iritsiko zaizkie ikasleei, baina zuek jada ikus ditzakezue hemendik. Ukondo-urratzaile samarrak izanik datorren ikasturtekoa ikasten hasi nahiko bazenute ere.