Logotipoa Nafarroako Unibertsitate Publikoarentzat
Kukuxumusu Ideia eta Marrazki Fabrikak logotipo bat diseinatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoarentzat, irudi korporatibo, komunikazio eta marketin instituzionalaren arloetan bi erakundeek beren harremanak indartzeko sinatu duten elkarlanerako esparruaren barruan.
Akordioaren sinadura eta logotipoaren aurkezpena gaur goizean egin dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ekitaldira Julio Lafuente NUPeko errektorea eta Alfonso Carlosena ikerketako errektoreordea, eta Koldo Aiestaran Kukuxumusuko zuzendari nagusia bertaratu dira. Mikel Urmeneta Ideia eta Marrazki Fabrikaren kide fundatzailea eta sormen zuzendaria ere bertan egon da New Yorken grabaturiko bideo baten bitartez.
Logotipoak garun bat oinez, bizirik eta mugituz, irudikatzen du; irudi horren bitartez Kukuxumusuk unibertsitatearen kontzeptua etengabe bilakatzen ari den ezagutzarenarekin lotu nahi izan du.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak badu jada logotipo ofiziala, baina Nafarroako unibertsitateko zentroak Kukuxumusuk orain diseinatu duena erakundearen irudi gisa erabiliko du Nazioarteko Bikaintasun Campusaren proiektuan, bere produktu eta zerbitzu guztietarako.
Kukuxumusuk eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatu duten akordioa Nazioarteko Bikaintasun Campusaren esparruaren barruan dago. Programa hori Hezkuntza Ministerioak bultzatu du eta bertan NUPak hartzen du parte. Ingurune akademiko, zientifiko, ekintzaile eta berritzaileak sortzea du xede, nazioartean goi mailako ikusmena erdietsi aldera.