14 zortzimilakoen kamiseta
Edurne Pasaban alpinista gipuzkoarrak gaur aurkeztu du, Bilbon, buruturiko 14 zortzimilakoen kamiseta ofiziala. Jantzia Kukuxumusuk diseinatu du eta, markak sorturiko marrazkiarekin batera, Edurneren hausnarketa bat, goi mendiarekin duen harremanari buruzkoa, agertzen du.
Gaur arte arretaz gorde den marrazkiaren misterioa jakitera eman da ekitaldi xume eta hunkigarrian, Kukuxumusuk La Cruz karrikan duen saltokian. Bertan Igor Berriozabal gerenteak kamiseta horren lehen alea eman dio kirolari tolosarrari.
Euskal mendizaleen ordezkari batzuen aurrean, gipuzkoarra hunkiturik agertu da Kukuxumusuk kamiseta moduan eginiko omenaldiaren karira eta haren arduradunei eskertu die historikoki mendiarekin izan duten lankidetza.
Kamiseta ilustratzen duen marrazkian planetako 14 mendi gailurrik altuenak, Edurne Pasabanek zapaldu dituenak, agertzen dira, bakoitzak bere izena duela. Azpian, gipuzkoarraren os hausnarketa pertsonala, “Beti zoriona bilatu dut eta mendian antzeko zerbait aurkitu dut” Atzealdean 8.000 metrotik goitiko mendiak agertzen dira eta datu hauek: izena, altuera eta igoeraren eguna.
Edurne Pasabanekiko elkarlan hau Kukuxumusuk, 1989an sortu zenetik mendiaren munduarekin izan duen harreman jada luzearen beste mugarri bat da. Orduz geroztik, Mikel Urmenetak, Koldo Aiestaranek eta Gonzalo Dominguez de Bidaurretak sorturiko firma lankidetzan aritu da ehundik gora espediziorekin, bere marrazki eta kamiseten bitartez.
Kamiseta dagoeneko eskuragarri dago Kukuxumusuren denda ofizial guztietan, 18 eurotan.