Kukuxumusuk SOS Himalaiaren logotipoa diseinatu du
Kukuxumusu Marrazki Fabrikak Iñaki Ochoa de Olza-SOS Himalaia Fundazioaren logotipoa eta kamisetak egin ditu; fundazioa nafar mendizaleak sortu zuen elkartasun proiektua da, Asiako haurrei laguntzea helburu duena. 2008an hura Annapurnan hil ondotik, bere familia sustatzen ari da.
Kukuxumusuk diseinatutako logotipoak Iñaki Ochoa de Olza agertzen du, Himalaiako zortzi milako baten gailurrean, biziki maite zituen eta bere elkartasun proiektu askoren xede ziren ume andanaz inguraturik.
SOS Himalaiak Iñaki Ochoa de Olzaren oroitzapena gordetzea eta berak abiaturiko elkartasun proiektuak burutzea ditu helburu. Katmandun (Nepal) umezurtz etxe bat, Pakistango iparraldean ospitale bat eta Dharmsalan (India) eskola bat eraikitzeko funtsak bildu nahi ditu, toki horietan guztietan baitaude nafar mendizaleak, 2008an hil baino lehenago, zapaldu zituen gailurrak.