Kukuxumusu, Fukushimarekin
Kukuxumusuk arrantzale eta abeltzain japoniarrekin erlazionaturiko kamiseta pare bat diseinatu du joan zen martxoan Japonia jo zuten lurrikarak eta ondoko tsunamiak hunkiturikoei optimismoa itzultzen lagundu nahian. Bi proiektuak markak herrialde horretan dituen lagun eta jarraitzaileen eskaeraren emaitza dira, Kukuxumusuk lurralde harekin aspaldidanik oso harreman berezia duelarik.
Omena arrantzaleei
Euskal Japoniar Elkartearekin elkarlanean, Kukuxumusuk Fukushimako arrantzaleak omentzeko kamiseta diseinatu du. Diseinuan, hondamendiaren ondoren lanera itzultzen ari den arrantza ontzi japoniar bat agertzen da Kenji Miyazawa-ren (1896-1933) “Ame ni mo makezu” (“Euriak garaitzen utzi gabe“) poema ezagunaren lehen bi lerroekin batera.
Kamiseta Kukuxumusuk bere lagun eta jarraitzaile japoniarretako batzuen eta Euskal Japoniar Elkartearen beraren eskaera aintzat hartu eta gero sortu da. Honela azaldu du Mikel Urmeneta markako bazkide-sortzaile eta sormen-zuzendariak: “Gaizki pasatzen ari dira han ditugun lagun onak eta Kukuxumusuk optimismo pixka bat eman nahi du, kamiseta baten diseinuaz, herrialdean ukituen izan diren eremuetara normaltasuna iristea sinbolizatuz. Marrazkian arrantzaleak arrantzara itzultzen ari dira, arrainak amuei heltzera itzultzen ari dira eta bizitza mugitu egiten da”.
Kamiseta helduentzat eta haurrentzat dago eskuragarri jada Kukuxumusuren denda ofizial guztietan eta haren online dendan. Bilduko diren etekin garbien ehuneko bat -salduriko kamiseta bakoitzarengatik euro bat- Fukushima Probintziako Arrantza Kooperatiba Elkarteen Federaziora bideratuko da.
Abeltzainentzako kamiseta
Beste alde batetik, Kukuxumusu Japoniako Zuzenbide Hispanikoaren Ikasketen Elkartearekin ere aritu da lanean; elkarte horretako buruak Kaoruko eta Kiyo dira, markarekin oso harreman berezia dute eta Fukushimako kaleetan barna bakarrik eta nora ezean zebiltzan animalien irudiek oso hunkiturik utzi zituzten.
Marrazkian, “¡Ánimo Japón! – Eutsi goiari, Japonia!” idazkunaren gainean, animalia batzuk normaltasunera itzultzen dira lurrikararen hondamendiaren ondoren. Helburua, Urmenetaren hitzetan, “talde, batasun, optimismo eta animalien eta gizakien arteko harreman izugarri garrantzitsuaren irudia agertzea”.
Kamiseta hori Japonian soilik banatuko da, sustatzaileek espezifikoki proiekturako sortu duten web orriaren bitartez batik bat. Haren salmentatik lorturiko diru-sarrerak Fukushima probintziako Abeltzaintza Departamentura bideratuko dira.
Kukuxumusu eta Japonia
Kukuxumusuk oso harreman berezia du Japoniarekin. Izan ere, 2009an Yamaguchi hiriko maskota diseinatu zuen eta 2010ean Chiyoshi Sugawara argazkilari japoniarrari Urteko Giria saria eman zion. Horregatik, herrialde horri optimismo pixka bat eman nahi izan dio hobekien dakien eran, bere sormenaren bidez.
Kukuxumusuk Unbeatenbyrain.com-i “Ame ni mo makezu” poemaren itzulpenean emandako laguntza eskertu nahi dio
*Japoniako arrantzaleen banderen esanahia:
Lan ederra egin ondoren portura iristen ziren itsasontzien eta haien zain zeuden familien arteko komunikabide gisa erabiltzen ohi zuten bandera zen Tairyouki (edo Tairyoubata). Banderak alaitasun seinalea ziren, arrantzaleek itsasoari esker ona eta otoitza egiteko sinboloaz gain.
Azken urteotan, teknologia berriak iristearekin batera, arrantza egiteko era eta komunikabideak aldatu egin dira. Gaur egun jendeak arrantzaleen festetan, portuetan eta ezkon saritzat eta negozio inaugurazio eta bestelako ospakizunetan erabiltzen ditu banderak.
Espero dugu normaltasuna berriro Japoniako portuetara eta arrantzaleen eta lurrikarak eta tsunamiak hunkituenetako eremuetako pertsona guztien bizitzara iristea, banderak berriro itsasontzietan erakutsi ahal izan ditzaten, lehen egiten zuten bezalaxe.