Edurne Pasabanek beste zortzi milakoak

Edurne Pasabanek (Tolosa, Gipuzkoa, 1973) oso ongi daki Nepalgo herria zein egoeratan bizi den. Horregatik ez du zalantzarik izan Ekintzaz Lagunduk han bertako Maiti Nepal GKEarekin duen proiektuan laguntza emateko. Haren fundatzailea, Anuradha Koirala, duela zenbait urte ari da neskato eta emakumeen salmenta bukarazteko borrokan. Eta salmenta hori lurrikararen ondoren larriagotu da.
Himalaiarako espedizio batzuetan lagundu dugu Edurne Pasaban Kukuxumusun eta tontorretara iristeko egiten dituen ahaleginei babesa ematen jarraitzen dugu. Nepalerantz egin duen azken abenturaz gehiago kontatzeko eskatu diogu.
Duela gutxi Nepalen izan zara. Nola igaro duzu lurrikararen 1. urtemugaren eguna?
2015eko apirilaren 25eko lurrikararen ondoren, gure Montañeros Para el Himalaya by Edurne Pasaban fundazioa herri oso bat, Dhola, Dhading barrutian -zein sherpa lurraldea baita-, eraikitzen hasi zen. Proiektuaren segimendua egitera joan naiz Nepalera. Gainera, urratsak egiten jarraituko dugu ezen helburua, etxeak bukatutakoan, helduentzako ikastetxe bat eta eskola bat sortzea baita.
Ekintzaz Lagunduren kanpainan parte hartu duzu. Baduzu hango neskato anitz-anitzen babesgabetasun egoeraren berri?
Bai, badakit han neska koskorrak nolako egoeran dauden. Nepal eta holako herrialdeetan, non pobrezia oso handia baita, haur hezkuntza ez zaie oso garrantzitsua. Horregatik, zortzi urte edo gutxiagorekin lan egin eta zamatu eta etxera errupia batzuk eraman ahal bezain pronto, eskolara joateari uzten diote umeek, eta batzuk ez dira inoiz joan. Neskatxen kasuan are okerragoa da: anitz saldu edo engainatzen dituzte, lanen bat aurkitzen ahalko dieten itxaropenaz, eta prostituziorako erabiltzen dituzte. Batzuetan familiak onetsita gertatzea da penagarriena, diru truke.
Zerk bultzatu zaitu kanpaina horri ahotsa jartzera?
Han berean izan eta neskatila horietako anitz hurbiletik ikusi izanak. Injustizia ikusteak eta horrelako zerbait pairatu duten familiak ezagutzeak neuk zerbait egitera bultzatu naute.
Maiti Nepal toki GKEak Katmandun duen egoitza bisitatu ere egin behar duzu. Ekintzaz Lagundu harekin aritzen da. Zuk han egiten duten lana ezagutzen duzu?
Ezin sinetsizko lana iruditzen zait Maiti Nepalek egiten duena eta haren fundatzaileari, Anuradha Koiralari, miresmen handia diot. Maiz holako antolakundeak atzerritarrak izaten dira, egoera zailetan joaten dira hara, baina kasu honetan nepaldarra eta emakumea da bere herrialdeko injustizia dela-eta borrokatzen ari dena. Apirilean joanen natzaie bisitan.
Zuen fundazioak Katmandun haurrak babesteko zentro bat du, Kailash. Neskatilarik ere bizi da han?
Hasieran oso gutxi ziren neskatoak Kailash barnean senideek baimenik ematen ez zietelako, haurrak aterpean sartzeko baimena haiek ematen baitute. Fundazioan, neskato eta mutiko kopuruak berdintzea proposatu genuen, guztiek aukera berbera behar dutela uste dugulako. Orain ia 40 neskato eta beste horrenbeste mutiko daude.
Nolako bizipenak izan dituzte hara iritsi aurretik?
Haietako anitzen atzean oso historia gogorrak ditugu, baina haiek isiltzen dute erabat edo ia. Batzuek tratu txar fisiko eta sexualak pairatu dituzte gurasoengandik. Haietako anitzek egun ez dute etxera itzuli nahi.
Zein da zuen lana Kailash aterpean?
Kailash Home haur umezurtz, pobre eta babesgabeak, Nepalgo mendialderik urrunenetakoak, hartzen dituen etxea da. Han oso hezkuntza maila altua ematen zaie herrialdeko batez bestekoarekin alderaturik.
Kirol alorreko garaipenez gain, zer eman dizu zuri Nepalek?
Oso lagun on anitz eman dizkit, tartean espedizio batzuetan nirekin lan egin duten zenbait sherpa eta beste pertsona batzuk. Bestalde, Nepalek lazoz harrapatu nau herrialde eta jendearenganantz, zeinengandik sarri hurbilago sentitzen naizen gaur egun nire jaioterritik baino.
Anima gaitzazu Nepalera bidaiatzera. Zer topatuko dugu han, Himalaiako tontor ederrez gain?
Nepalen pertsona zoragarriak topatuko dituzue, oso jende ona. Beren etxea eta bihotza irekiko dizkizueten pertsonak. Gaur egun mendebaldean ikasten oso zaila diren makina bat balio irakatsi didate niri.
Zu oso gora iritsi zara (ezin hobeki esan): zer duzu oraindik eskalatzeko?
Uste dut bizitzan egunero eskalatzen jarraitu behar dugula. Nik helburu berriak jartzen ditut, zeinek ez baitute zertan beti mendi erakoak izan, zenbaitetan lortzen zortzi mila metroko mendi bat igotzen baino zailagoak gertatu arren.
Non dituzu jarririk hurrengo jomugak?
Zoriontsua izaten jarraitzea, mendi handirik egin gabe beharbada, baina beti mendiarekin harremanetan.
Zure aburuz kirola hezkuntza da. Ikastetxe, institutu eta unibertsitateetan hitzaldiak ematen dituzunean, zer galdetzen dizute ikasleek?
Gazteenak batzuetan ez dira kirolak eman diezazkiekeen balioez ohartzen. Zerbait erraza deritzote, ahaleginik behar ez duena… Kirolak sakrifizioa exijitzen duela adierazten diet nik, eta bizitzan edozer lortzeko ahalegin handia egin behar dela.
Kukuxumusun zure 14 zortzi milakoetan jarraitu zaitugu. Zerk lotzen zaitu marka honekin?
Gauza pila batek. Kukuxumusu beti egon da alpinistengandik hurbil eta nire espedizioetatik oso hurbil. Kamisetak diseinatu ditugu, buff-en bat… marrazki ezberdinez espedizio ezberdinetarako. Beste bidelagun bat izan da 14 zortzi milakoetan. Kukuxumusu kontzeptuak eta ideia eroek zoratzen naute. Erreferentetzat dut.